XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

19. Oihanean barna

Olatik beiñere berri onik ez

Garai batez basoek oso eremu zabalak hartzen zituzten Herrian; gaur egun, aldiz, nahiko murrizturik daude eta leku askotan (Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere) bertako zuhaitz moten ordez kanpokoak daude, hazkunde erreza dutenak.

Hala ere oraindik oihan ederrak gelditzen dira: Irati (N, NB), Andia (N), Urbasa (N), Kintoa (N), Iteko oihana (Z), Aralar (G, N) eta abar.

Mende luzetan oihanak helburu desberdinekin hustiatu dira.

Nekazaritzaren zabalkundea basoaren etsaia zen, su ematen bait zitzaien ondoren lurra landu ahal izateko.

Jadanik 1293 urtean Armendaritze (NB) eta Iholdiko (NB) herriek isuna ordaindu behar izan zuten baimenik gabe basoa erretzeagatik.

Bestalde, garai bateko ontzigintzak zituen beharrak oso handiak ziren; ez dugu ahaztu behar penintsulako ia itsasontzi industria osoa Bizkaia eta Gipuzkoan kokatuta zegoela Erdi Aroan.

Oihanak hustiatzeko beste arrazoi bat burdingintza zen.

Burdingintza aspaldikoa da gutartean, badirudi zelta herriak ekarri zuela langintza hau bospasei mende Kristo aurretik (ikus 2).

Beranduago Plinio geografoak, I. mendean, aipatzen ditu jadanik Euskal Herriko meatzak.

Erromatarrek ongi ezagutu eta hustiatu zuten zenbait meatz Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, hauetatik, burdinaz gain, zilarra eta beruna ateratzen zituzten.

Langintza honek basoa behar-beharrezkoa zuen, mea urtzeko ikatza behar bait zen eta hau egiteko egurra.

Horregatik hasiera batean olagizonak ikazkinak ere ziren eta olak basoetatik hurbil zeuden.

Nekazari eta olagizonen basoarekiko behar desberdinak elkarren arteko iskanbilak sortu zituen.

Legazpin (G) XV. eta XVI. mendeetan auziak izan ziren hau zela medio.

Olagizonek irabazi zuten eta erabilitako arrazoien artean haien lehentasuna zegoen, Legazpin burdingintza nekazaritza baino lehenagokoa zelako seinale.

Burdingintzak garrantzi handia izan zuen eta zenbait tokitan bere foru berezia zeukan, Oiartzun (G) eta Irungo (G) olagizonena adibidez.

Foruak babes handia eskeintzen zien ikatza lortzeko erreztasunak emanez, ola berriak eraikitzeko, urak erabiltzeko, bideetan bere segurtasunerako zaindariak jartzeko, zerga mota guztiez libre utziz eta abar.

Foru Orokorrak bere aldetik, olei egindako kalteengatik heriotz zigorra agintzen zuen.

Oletako emaitzak Herrian erabili ez ezik, atzerrira eramaten ziren, fama handia lortuz Europa osoan; Shakespearek berak goraipatu egiten du Bilboko (B) burdina bere obran.

Nekazaritzaz bezala, burdingintzaren hastapenez badira istorio desberdinak herri jakintzan eta hauetan ere Samartinek, azpijokoa erabiliz, ikasi omen zuen.

Beraz ikusitako langintza guzti hauen gora-beherek oihanen egoera baldintzatzen zuten eta zaintzeko arauak sortu ziren, egoeren araberakoak.

Gipuzkoan adibidez Ordenanzas izeneko manuak ziren; hauetan 1397 urtean gogorki zigortuak dira basoen hustiaketak.

Beranduago, aldiz, XV. mendean, basoak sobera handiturik omen, bere zabalkundea murriztu egiten dute.